Francisco Escuderok (Donostia, 1912-2002) bere jaioterriko kontserbatorioan hasi zituen konposaketa ikasketak, Beltran Pagolarekin. Geroago Madrilera joan zen, bere prestakuntza Conrado del Camporekin jarraitzeko, eta ondoren Parisera, Paul Dukasek eta Paul Le Flemek ikasle hartuko zuten lekura. Behin gerra zibila amaituta Madrilera bueltatu zen berriro, eta hainbat beka lortu zituen beste lau urtez Conrado del Camporekin ikasteko; hortik aurrera abiatuko zen bere ibilbide artistiko oparoa. El sueño de un bailarín (1944) hasierako trebakuntza garai honi dagokio, eta Escuderok bere bizitza osoan idatziko zuen ballet bakarra dugu. Luis de Castresanaren testu surrealista bat oinarritzat hartuta, eldarnio ikaragarri bat bizi duen dantzari gaixo baten amesgaiztoa kontatzen du. Partitura, egia esan, lehenagoko beste lan baten (Vals Noble – Scherzo) moldaketa da, eta —kontzertu bertsioan— 1945eko abenduaren 30ean estreinatu zen Bilboko Buenos Aires Antzokian.
Piotr Ilitx Txaikovskik (Votkinsk, 1840-San Petersburgo, 1893) astebetean konposatu zuen bere Pezzo capriccioso, op. 62, biolontxelo eta orkestrarako, 1887ko abuztuaren bukaera aldera. Izenburua nolabait zalantzan jarriz, lan hau (Patetikoa deritzan sinfonia bezala) si minorreko tonu ilunean idatzita dago, eta caprichoso adjektiboak birtuosismoaren ideiatik gertuago dirudi hor pozarenetik baino. Piezaren material tematikoari Txaikovskik ematen dion tratamendu fantasiosoa da, edonola ere, hura hain erakargarri egiten duena; baina modu maiorreko erdiko atala —arabeskoz betea— izan ezik, obrak aire soil eta nare bai eusten dio une oro, emozio handiko sentipenaz. Pezzo capriccioso Anatoli Brandukov biolontxelistari izan zen dedikatua, eta honek 1888ko otsailean estreinatu zuen, pianoan konpositoreak berak lagunduta. Orkestrarako bertsioaren lehen interpretazioa, oraingoan Txaikovskik zuzendurik, urte eta erdi beranduago izan zen Moskun.
Antonin Dvorákek (Nelahozeves, 1841-Praga, 1904) New Yorkeko Kontserbatorioko Zuzendaritzaz ardura hartzeko gonbitea jaso zuen 1892an Jeannette Thurberren eskutik; honek, egia esan, profil jakineko artista bat bilatzen zuen, Ipar Amerikako benetako konposizio eskola nazionalaren sorreran lehen pausuak eman ahal izateko. Estatu Batuetan igaro zuen hiru urteetan Dvorákek soberan bete zuen funtzio hori, pertsona guztiz sentikor eta argia zela frogatuz; berak zabaldu zizkion begiak bertako konpositoreen belaunaldi oso bati, hain zuzen, ondare afroamerikarraren eta indiar jatorriko ahozko tradizioaren inguruan. Bere bizitzaren etapa labur honetan idatzi zituen lanen artean 12. hari-kuartetoa fa maiorrean, op. 96 (“Amerikarra”) dago; eta 9. sinfonia mi minorrean, op. 95 (“Mundu Berriarena”), musikaren historiako partitura ospetsuenetako bat. 1893ko abenduaren 15ean estreinatu zen azken hau New Yorkeko Carnegie Hall-ean, ezin sinetsizko arrakasta lortuz.

