Venezuelako Gazte eta Haur Orkestren Sistema Nazionala sekula munduko leku batean aurrera ateratako gizarte proiekturik handiena da, musika klasikoaren irakaskuntzatik abiatuta bazterkeriaren eta pobreziaren aurka borrokatzeko. Duela 35 urte José Antonio Abreu maisuak Caracasen sortua, Sistemak 220 orkestra (150 gazte orkestra + 70 haur orkestra) baino gehiago biltzen ditu gaur egun, eta herrialde osoko 350.000 haur eta gazteri —inolako bereizketarik gabe— musika hezkuntza eskaintzen die: hain da-eta zabala haren sarea.
Sistemaren lema nagusia bi hitzetan labur daiteke: jo eta borrokatu. Hitz hauek argi eta garbi islatzen dute bai bere kide bakoitzaren gainditze izpiritua bai musikari hemen ematen zaion giza eta talde esperientziaren izaera. Metodologiari dagokionez, berriz, Sistemari maiz lotzen zaion ideia hauxe da: lehendabizi pasioa, gero fintasuna; lan filosofia horrek alde nabarmena ezartzen du, pedagogo venezuelarren arabera, munduko beste leku askotan eskaintzen den musika hezkuntzarekin.
Horren harira garrantzitsua da azpimarratzea Abreuren pentsamendu bat, haren inguruan gorpuzten baita neurri handi batean Sistemaren filosofia: iraganean, artea gutxi batzuek egiten zuten, gutxi batzuentzat; geroago, gutxi batzuek askorentzat; eta orain askok askorentzat. Izan ere musika klasikoaren guru europar handi askok bertatik bertara ezagutu nahi izan dute venezuelar esperimentua, jakinik bide horretatik haize fresko pixka bat irits daitekeela musika honetarako, noiz eta etorkizuna zalantzaz beterik azaltzen zaionean, eta oraingo entzuleen belaunaldiaren ordezkapena bermaturik ez dagoenean.
Sistema iceberg handi bat bezala hartuko bagenu, orduan esan genezake bere ageriko muturra Simón Bolívar Venezuelako Gazteriaren Orkestra Sinfoniko famatua dela, baita haren zuzendaria ere, Gustavo Dudamel asperrezina; baina azpitik askozaz ere gauza gehiago ikusiko genituzke: Venezuelako Metalen Ensemblea; Esku Zurien Abesbatza; Simón Bolívar Gazte Banda Sinfonikoa; Francisco de Miranda Gazteen Orkestra Sinfonikoa; Caracaseko Gazte Orkestra Sinfonikoa; Simón Bolívar Jazz Big-Bana; edota Espetxeetako Orkestra Sinfonikoen sarea.
Hezkuntza arloan, Sistemak Luteria Eskola (proiektuaren logistikarako ezinbestekoa) kudeatzen du; baita Musikaren Gizarte Ekimeneko Ikastetxea ere; Simón Bolívar Musika Kontserbatorioa; eta Montalbango Haur Eskola (Sistemak sorturiko hezkuntza plataforma berritzaileenetako bat, bere esparruan oso denbora gutxian eragin handia lortu duena). Goi-mailako irakaskuntza berezietarako, ordea, Latinoamerikar Akademia izeneko ikastetxeak daude, flauta, klarinete, piano, biolin, biolontxelo eta kontrabaxuko espezialitateetan.
Sare nazionala orkestren eta abesbatzen nukleoen inguruan egituratuta dago: nukleo hauek tamaina eta antolaketa ezberdina dute, eta herrialdeko estatu guztietako hiri eta herrietatik sakabanaturik daude. Karibetik Amazoniaraino, venezuelar geografia osoaren luze-zabalean, Sistemaren 180 sukurtsal aurkituko ditugu, orokorrean zentru integratutzat har ditzakegunak: izan ere, haietan taldeon entsegu programak egiteaz aparte, tokiko komunitateen hezkuntza, arte eta kultura jardueren promozioa sustatzen da orobat.
Itzelezko engranaje honen guztiaren aita pontekoa José Antonio Abreu maisua da, ameslaria eta gutxi bezalako langile nekaezina, zeinak zorioneko egun batean Venezuelako lehen Gazte Orkestra Sinfoniko Nazionala abian jartzeko burutazio bikaina izan zuen, aspaldiko 1975. urtean. Harrez geroztik dozenaka sari jaso ditu gizonak, eta egin duen lanak hainbat instituzioren esker ona merezi izan du, batez ere azkeneko hamarkadan zehar. Abreu, gainera, humanista sinetsia da, eta ondotxo daki bere iraultza txikia aurrekaririk gabeko aldaketa sozialeko itxaropena ekar dezakeela Latinoamerikan eta mundu osoan.
Gaur egun nazioarteko erakunde eta instituzio askok paregabeko musika hezkuntzako programatzat jotzen dute Sistema, planeta osora hedatzeko modukoa, eta oso bereziki beren haur eta gazte populazioaren pobrezia, analfabetismoa, marjinalitatea eta bazterkeria mailak jeisteko ahaleginetan ari diren nazioetara. Zenbakitan, 25 herrialdek baino gehiagok sortu dituzte honez gero venezuelar ereduan oinarritutako musika hezkuntzako programak, haietarik gehienak amerikar kontinentean.
Oskar Gereñu
